XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Argia Pazkoaldi osoan, elizkizun guztietan, Bazko-zuzia pizten da; eta beste zenbait elizkizunetan ere badu leku berezia argiaren irudiak.

Baina, electrargia nagusitu den garai hauetan, ba al du zentzurik kandela edo argizagi bat pizteak?

Gauzak ikusten laguntzeko bakarrik balitz, garbi dago ez lukeela zentzurik.

Liturgi elizkizun aldetik badu, ordea, argiak beste zentzu edo balio sakonagorik, elizkizunetan eta bizitzan guretzat garrantzi haundia duen zerbait edo Norbait adierazten bait du.

Liturgi-urtearen barruan, ba da elizkizun nagusi bat, Pazko-gauekoa, alegia argiaren jokoan oinarritzen dena: - ilunetan dagoen herriaren aurrean, su berria ateratzen da eta sortuberri den su hortatik Kristo berpiztuaren irudi den Pazko-zuzia pizten da; eta Honen atzetik bidean jartzen da kristau-elkartea, pozaren pozez hirualdiz abestuz: Kristoren Argia: Eskerrak Zuri, Jauna ;

- ondoren, kristauek eskutan damazkiten kandela txikiak, Argi beretik, pizten dira, Kristoren Argia bakoitzak bereganatuz;.

- gero, Pazko-deiaren irrintzi pozgarriak goraipatzen du Kristoren argiz jantzitako Bazko-gau zoriontsua.

Egia esan, gau hortan, argiaren irudiak, ulertu izan dadin, ez du beste lagungarri askoren beharrik, berez garbi ulertzen bait da eta, gainera, kristau elkartearengan halako giro bero eta pozgarri bat banatzen da, ospakizun osoaren barne-mamira eraginez: gaiztakeriak uxatu, obenak garbitu eta; minduei poza ekartzen dien gau santua bait da.

Eliza, pozez beteriko Emazte bezala, gau honetan bere Senarrari bidera ateratzen zaio krisailuak pizturik, Garizuma luzean zai egon den neskatxa zentzudun taldearen antzera.

Eta gau honetatik aurrera, Pazko-zuzi honek elizkizun guztietan argi egingo dio kristau elkarteari.

Liturgi-urtean zehar, ez da hau Jesukristoren Misterioa argiaren irudian ospatzen duen jai bakarra.

Eguberri-Agerkunde jaiek Jainko gizon eginaren agerpena argiaren irudian ematen due; eta Jaunaren Aurkezpenean, Kandelario egunez, Gabon-jaien azken-oihartzun bezala, argiak leku berezia izaten du, Simeon zaharrak Jesus haurtxoa esan zuena gogoratuz: Atzerriak argitzeko argia.